Nafarroako konpainia profesionalen dantza garaikideko lau sorkuntza-proiektuk osatzen dute DNA Sorkuntza 2019 programa

2019ko maiatzaren 24, ostirala

DNA Sorkuntza 2019 programa 2020ko DNA jaialdiaren aurretiko egonaldi artistikoetarako programa da, tokikotasunean oinarrituta dagoena; bi urtez behin egiten da 2018az geroztik, bi formatu hauek txandakatuz: sorkuntza urte bakoitietan, eta erakustaldia urte bikoitietan. Aurten, 2019ko programan, dantza garaikidearen sorkuntzarako eta ikerkuntzarako egonaldiak egingo dira maiatzaren 27tik irailaren 27ra, Nafarroa osoko bost egoitzatan. Egonaldi horietan, beren proiektuak garatuko dituzte hautatutako artistek, bai eta hainbat bitartekaritza-jarduera ere, tokian tokiko ikusleei beren lanak erakusteko.

Huarteko Arte Garaikidearen Zentroa, Lesakako Harriondoa Kultura Etxea, Tafallako Kulturgunea eta Antsoaingo Antzokia izango dira hautatutako lau proiektuak hartuko dituzten egoitzak; Kultura Zuzendaritza Nagusiak – Vianako Printzea Erakundeak dantza garaikidea eta mugimendu-arteak sustatzeko helburuz antolatzen dituen egonaldi artistikoen programaz gozatuko dute hautatutako proiektuok.

Gainera, Atalak 2.0 programarekin lankidetzan eskainitako bosgarren proiektu bat ere hartuko du DNA Sorkuntza 2019 programak; Atalak 2.0 Dantzaz konpainiak bultzatzen duen programa da, Nafarroako Gobernuarekin –Baluarte Fundazioaren bitartez–, Biarritzeko Malandain Baletarekin, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiarekin, Gasteizko Antzokien Sarearekin, Donostiako Tabakalerarekin, Gipuzkoako Dantzagunearekin eta Bilboko Azkuna Zentroarekin batera. Tuterako Gaztanbide Antzokian garatuko da bosgarren proiektu hori, eta horrekin lortu nahi dena da Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean dantza garaikiderako bilaketa-, entsegu- eta ikerkuntza-espazioa handitzea.
 
Proiektuak eta bitartekaritzak Dinamo Danza konpainiak, Electrical body ikuskizunarekin, eta Carmen Larraz buru duela, Huarteko Arte Garaikidearen Zentroan egingo du egonaldia, maiatzaren 27tik ekainaren 7ra, eta abuztuaren 12tik 24ra. Lurrarekin batzen gaituzten eta izaki bizidunon erlazionatzeko bide diren indar elektromagnetikoen mugimenduak ikertuko dituzte han.

Led Silhouette konpainiak Lesakako Harriondoa Kultura Etxean garatuko du Concavo-convexo proiektua, uztailaren 15etik abuztuaren 11ra, Martxel Rodriguez eta Jon Lopezen aginduetara. Gorputzaren eskultura-ikuspegia eta gorputzak espazioarekin duen harremanari eta espaziorik ezari buruzko ikerkuntza-lana egingo du konpainiak.

Azkona & Toloza konpainiako Laida Azkonak eta Txalo Toloza-Fernandezek, berriz, uztailaren 22tik abuztuaren 13ra arte landuko dute Teatro Amazonas beren proiektua, Tafallako Kulturgunean; Iberoamerikako neokolonialismo ekonomikoarekin eta kultura garaikidearekin lotutako gaiak planteatuko dituzte.

Becky Siegelek El equilibrio entre sujetar y soltar ikuskizuna zuzenduko du Antsoaingo Antzokian, abuztuaren 26tik irailaren 20ra arte. Han, Kon Mocionek bere dantzarien ahots propioa bilatzeari eskainiko dio bere espazioa; horrela, koreografo bihurtuko dira dantzariak. Konpainia osatzen duten dantzari-belaunaldi ezberdinen artean esperientziak elkartrukatzen laguntzea ere bilatzen du proiektuak.

Atalak 2.0 mugaz gaindiko programa, bestalde, Tuterako Gaztanbide Antzokian egingo da ekainaren 10etik 21era; bi asteko iraupena izango duten sorkuntza-laborategiak eskainiko dizkie Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko koreografo eta sortzaileei, Dantzaz konpainiako dantzarien eskutik. Atalak 2.0 programa DNA Sorkuntza 2019 egitasmoan sartzea pizgarri garrantzitsua da Nafarroako dantzarako, aukera ematen baitu Foru Komunitatea gure ingurune hurbileko erakundeek ere parte hartzen duten nazioarte-mailako lankidetza-proiektu batean sar dadin. Atalak 2.0 programaren asmoa da beren prestakuntza-aldia amaitu duten dantzari gazteak profesionalizatzea; Nafarroan, zehazki, programaren eginkizuna da profesionalak programa honetan sartu eta beren sorkuntzak proposa ditzaten espazio bat irekitzea.

Nafarroako konpainia profesionalen dantza garaikideko lau sorkuntza-proiektuk osatzen dute DNA Sorkuntza 2019 programa

Zerrendara itzuli

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

Nafarroako Gobernua
Baluarte Fundazioa
Kultura Nafarroa

LAGUNTZAILEAK


Uharteko Arte Garaikideko Zentroa
Castel Ruiz - Tudela
Tafallako Udala
Lesakako Udala
Antsoaingo Udala