Bederatzi konpainiak hartuko dute parte hamar udalerritan eginen den DNA 2020 Nafarroako Dantza Garaikidea programan

2020ko ekainaren 30, asteartea

Dantza garaikideko bederatzi konpainiak, lau egoitzek, bederatzi erakustaldik, bost bitartekaritza-jarduketek eta bertze jarduera osagarri batzuek osatzen dute Nafarroako hamar udalerritan eginen den DNA 2020 Nafarroako Dantza Garaikidea programa. Programa Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Baluarte Fundazioak antolatzen dute Antsoain, Agoitz, Bera, Etxarri Aranatz, Lizarra, Los Arcos, Arangurengo harana, Ribaforada, Tafalla eta Atarrabiako udalekin lankidetzan. Guztiak Nafarroako Antzoki Sareko kideak dira eta Nafarroako Museoak eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroak ere hartzen dute parte programan.

Ignacio Apezteguía Kulturako zuzendari nagusiak, Ander Oroz, Antsoaingo alkateak, eta Marisol Martínez Caspe Kultura eta Kirol Saileko Programa Artistikoen eta Zabalkundearen Ataleko buruak gaur goizean aurkeztu dituzte aurtengo edizioaren xehetasun guztiak Antsoaingo Antzokian. Bertan, Sayoa Belarra artistak, lehen egoitzako protagonistak, ere hartu du parte.

DNA, dantza garaikidea eta mugimenduaren arteak sustatzea helburu duen programa artistikoa da. Sorkuntza eta ikerketa egoitzen aldeko apustua egiten du, sektorearen kohesioa lantzen jarraitzeko eta jendearengana hurbiltzeko tresna gisa.

Horrela, DNA 2020k, alde batetik, Nafarroako Antzoki Saretik hautatutako espazioetan sorkuntza- eta ikerketa-egoitzak egiteko aukera eskainiko die dantza-profesionalei, eta horiei herri bakoitzeko ikus-entzuleekin eginen diren bitartekaritza-jarduerak eta hausnarketarako topaketak gehituko zaizkie. Eta, bertzetik, egoitzen ondorioz sorturiko obrak erakutsiko dira, bertze espazio eta eduki batzuen esparruan sorturiko sorkuntza-esperientziez gain, Erriberriko Jaialdian edo mugaz gaindiko Atalak proiektuan, adibidez. Horrela, Kultura Zuzendaritza Nagusiak - Vianako Printzea Erakundeak antolatutako programen artean sorturiko sinergiak aprobetxatuko dira.

Gainera, programazioa dantzaren eta lurraldearen arteko lotura sendotzera bideraturiko jarduerekin osatuko da, Nafarroako dantza garaikidea eta mugimenduaren arteak baloratzeko helburu komunean lan egiten duten erakundeekin eta pertsonekin elkarlanean.

Lau egoitza

Sayoa Belarrak eta Xián Martinezek uztailaren 1ean irekiko dituzte edizio honetako egoitzak, Pioneras proiektuarekin, Tafalla Kulturgunean.

Belarrak eta Martínezek, biak dantzari profesionalak, elkarrekin zuzentzen dute bost interpreterentzako hiru eszena dituen artelana. Bertan, omenaldi gisa, historian zehar, oraindik existitzen ez den berdintasun soziala lortzeko borrokatu diren emakume aitzindarien, ezagunen edo ezezagunen, ekintzak bilduko dira.

Proiektu honetan parte hartzen duen bertze dantzari batentzat sorturiko “Inmarcersible” izeneko Xianen aurreko proiektu baten eta “Tras Raíñas” lanaren jarraipena da “Pioneras”, eta gai feministadun trilogia izan nahi du. Hainbat sinbologia, hala nola jantziak, takoiak, petaloak edo soka bat, izango dira hiru obrak lotzeko erabiliko diren elementuak.

Egoitzan, sorkuntza-prozesuaz gain, emakumeei zuzenduriko belaunaldien arteko tailer bat eta egindako lanaren lagin bat egitea ere aurreikusten da. Horren xehetasunak aurrerago argitaratuko dira.

Aurten, Tafallaz gain, Antsoainek, Agoitzek eta Ribaforadak ere zenbait proiekturen sorkuntza prozesuak jasoko dituzte uztailetik irailera:  Andrearen “Re-Des” Irurtzunen (abuztuaren 3tik 30era Ansoain Antzokian); Estitxu Arroyoren “La memoria de la carne” (irailaren 1etik 28ra Ribaforadako Kultur Etxean); eta Inés Auberten “En Tiempo” (uztailaren 20tik 31ra eta abuztuaren 31tik irailaren 11ra Agoitzeko Kultur Etxean).

Prozesu horietan, konpainiek Natividad Builen laguntza izanen dute sorkuntzarako. Proiektuen garapena ezagutzeko eta proiektu bakoitza bertzeekin elkarrizketan jartzeko gakoak aurkitzeko egingo du lan, irailaren 25ean Uharteko Arte Garaikideko Zentroan eginen den amaierako jardunaldiari begira.

Erakustaldiak

 

DNA 2020k, gainera, iaz maiatzetik irailera bitartean egin ziren sorkuntza-egoitzen lanaren emaitza den lanen lagin bat proposatuko du, eta horri Erriberriko 2019ko Jaialdiaren esparruan inskribaturiko bertze sorkuntza-egoitza baten emaitza gehituko zaio.

Fase guztietan jarraitu den sorkuntza-prozesuaren azken emaitzaren lagina da, lurraldearekin eta hura garatzen ikusi duten ikus-entzuleekin harremanetan. Horrela ixten da azken helburua Nafarroan dantza garaikidea sustatzea duen ziklo naturala.

Kon Moción konpainiaren “El equilibrio entre sujetar y soltar”; Led Silhouetteren “Cóncavo-Convexo”; Dinamo Danzaren “Elektrical Body”; eta Amico Teatroren “Tránsitos” lanak irailetik abendura bitartean gozatu ahal izanen dira Antsoain, Agoitz, Bera, Lizarra, Etxarri-Aranatz, Arangurengo Harana (Mutilva), Tafalla eta Atarribiako antzokietan.

Sarrerek 6 euro balio dute eta gune eszeniko bakoitzeko txarteldegietan edo webguneetan eskuratu ahal izanen dira.

DNA Jaialdiaren 2020ko edizioan, gainera, Dantzak erakundeak bultzaturik dantza garaikideko mugaz gaindiko Atalak proiektuaren barruan sorturiko sorkuntza-esperientziak ere erakutsiko dira. Proiektu horretako bazkideak Baluarte Fundazioa (Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa), CCN Malandain-Ballet Biarritz, Gipuzkoako Dantzagunea - Tabakalera eta Gasteizko antzoki-sarea dira.

Atalak programak bi asteko iraupena duten laborategiak eskaintzen dizkie Akitania-Euskadi-Nafarroa Euro-eskualdeko koreografoei eta sortzaileei, eta, horrela, DNA 2020an, Denis Santacararen sorkuntza laborategiaren emaitzaz gozatu ahal izanen da, Nafarroako Museoan; horrez gain, Koreografiaren Nazioarteko Sorkuntzarako Zentrotik irten den #56 koreografia-ekoizpena egonen da Baluarten; eta Laida Navarra dantzariaren egoitza berri bat Los Arcosen.

Led Silouettek Haizea Elkartearekin batera emandako tailer batek osatuko du egitaraua.

Bederatzi konpainiak hartuko dute parte hamar udalerritan eginen den DNA 2020 Nafarroako Dantza Garaikidea programan

Zerrendara itzuli

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

Nafarroako Gobernua
Kultura Nafarroa
Baluarte Fundazioa

LAGUNTZAILEAK


Agoizko Kultur Etxea
Antsoaingo Udala
Arenguen Ibarreko Udala
Atalak
Berakoudala
Lizarra Udala
Etxarri Aranazko Udala
Euroeskualdea
Haizea. Asociación por la Danza en Navarra
Uharteko Arte Garaikideko Zentroa
Ayuntamiento de Los Arcos
Nafarroako museoa
Ribaforadako Udala
Tafallako Udala
Kultur Etxea