Nafarroak dantza garaikidea berreskuratu du
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak hautu irmoa egin du Nafarroa dantzarendako eta mugimenduaren arteendako erreferentziazko toki bihur dadin. Joan den udazkenean egin zen lehen edizioaren ondotik, Nafarroako Dantza Garaikideko Jaialdiak behin betiko tokia aurkitu du Dantzaren Nazioarteko Egunaren hurbileko datetan, hots, apirilaren 29aren bueltan. 2017an, DNAk zuzendaritza artistiko berria du. Isabel Ferreira da buru eta beste programa bat aurkeztu du zeinean beste latitude batzuetatik datozen proposamenak jasotzen diren: Taiwan, Brasil, AEB, Suitza, Kongo, Suitza edo Portugal. Urrutirako begirada, ingurune hurbilekoa ere aintzat hartzen duena, Nafarroa, Euskadi, Errioxa edo Kataluniako artisten ikuskizunak ere baitaude.
DNA 2017k dantzaren gaineko begirada eta diskurtso desberdinak sortzera bideraturiko programazio baten aldeko hautua egin du, dantza, zinema, bideo-dantza edo videomapping bezalako adierazpen artistikoak barne hartzen dituzten hamabost lan eskainiz. Dantzaren unibertsoari dimentsio berri bat emateko modu bat, zientziaren eremuarekin eta rocka, punka eta hip hopa bezalako musika estiloekin loturak bilatuz. DNAk munduko hainbat paisaiatatik etorkizunari itxaropenez beterik begiratzen dieten istorioak aurkezten ditu. Istorio hauek Iruñean, Barañainen, Uharten, Noainen, Atarrabian, Altsasun, Agoitzen, Lesakan eta Tuteran taularatuko dira, maiatzaren 20a eta ekainaren 3a bitartean. Jaialdiak, horrela, dantzari loturiko ikusle askotarikoak elkartzeko gune bihurtu nahi du.
Programazio honen lehentasunen artean daude, halaber, aniztasunari erantzutea, arte eszenikoak garatzea eta bistaratzea, dantza eta dantzaren sormen prozesuak sustatzea, berrikuntza, sormen garaikidea eta azken joerei eta abangoardiako hizkerei irekitzea. Funtsean programa honek dantza garatzeko tresna bat izan nahi du, dantza Nafarroako sektore kultural nabarmena baita.
Irizpide horiei jarraikiz, DNAk dantzak gure erkidegoan izan dezakeen eginkizunaren gaineko zeharkako hausnarketa baterako abiapuntua izan nahi du. Dantza, adierazpen artistiko gisa, eta beste hizkuntzekiko fusio elementu gisa. Dantza, xede gisa, oholtza gainean gozatzeko, baina baita baliabide gisa ere, beste esparru batzuetan barneratua, hala nola hezkuntza, ikerketa edo ekonomia, bestelako erkidego eta gizarte ereduak eraikitzeko.
Fernando Pérez
Kulturako zuzendari nagusia